1627/1997 Errege Dekretuko 3. artikuluaren arabera, exekuzio fasean sustatzailea tekniko eskudun bat izendatzera behartuta dago exekuzio fasean koordinazio-lanak burutzeko, baldin eta obran enpresa bat baino gehiagok, enpresa bat eta langile autonomoek edo langile autonomo batzuek parte hartzen badute. Izendapena egoera hau egiaztatu bezain laster egingo da.

Obra hasi baino lehenagoko fasea

BATEGINek kontratista ezberdinek aurkeztuko dituzten Segurtasun eta Osasun Planak berrikusiko ditu eta plan horien Onespen-Aktak eman edo aldatzera bidaliko ditu hala suertatuz gero.

Sustapen publikoko obra izatekotan, Aurretiko Txostenari aldekoa emango zaio Administrazioak plan horien Onespena emateko.

Proiekturik eta oinarrizko segurtasun eta osasun azterketarik gabeko obra baldin bada, BATEGINek kontratistei eskatutako prebentzio-dokumentuak berrikusiko ditu.

Kontratistek ezingo diete beren lanei hasiera eman segurtasuneko koordinatzaileak edo, dagokionean, Administrazioak segurtasun eta osasun plana onartu arte, edota prebentzio-dokumentuak berrikusi eta lantokiaren irekitzea Lan-Agintaritzan jakinarazi arte.

Exekuzio obraren fasea

Segurtasun eta osasun planean aurreikusitako neurriak betetzen ari direla ziurtatzeko, BATEGINek fase honetan hauen jarraipena egingo du eta, BEZEROArekin adostutako aldizkotasunaren arabera, bisitak egingo ditu horretarako.

Obrak bisitatzean BATEGINek obran bertan parte hartzen ari diren enpresei jarraibideak emango dizkie Segurtasun eta Osasun Planean (edo planik ezean, prebentzio-dokumentuetan) adierazitakoa betetzen ez denean eta txosten batean jasoko dira jarraibide horiek, hartutako neurriekin batera.

Obrak gauzatzeko dauden segurtasun eta osasun baldintzez gain, BATEGINek kontrata bakoitzari, beren lanak egiteari ekiten dioten momentuan, obrara baimendutako pertsonak bakarrik sar daitezen ziurtatzeko behar den dokumentazioa helaraztea eskatuko dio.

Arriskuen prebentzioa obraren zuzendaritzarekin uztartzeko xedearekin, BATEGINek hilabetero obraren Zuzendaritza Fakultatiboarekin bilera bat egitea gomendatzen du. Bertan lanak egin diren bitartean antzeman diren gertakari aipagarrienak eta obraren proiektuan eragin dezaketen aldaketak landuko dira.

Beharrezkoa denean koordinazio-bilerak egingo dira enpresa kontratistekin, non obra buruak edo obra-arduradunak gerturatuko diren. Bilera hauetan aurreko bileraz geroztik detektatu diren irregulartasunei buruz hitz egingo da eta, beste gairen artean, bai izan dezakeen garrantzia dela-eta, bai askotan gertatu delako, zergatik ez diren behar bezala zuzendu eztabaidatuko da.

BEZEROArekin hitzartzen bada, hilabetero BATEGINek txosten bat idatziko du non obra ezberdinetan egindako lanak azaletik erlazionatuko diren eta lan eta gertakari aipagarrienen segurtasun eta osasun baldintzak zehaztuko diren.

BEZEROEN hautua izango da kontratistek aurkezten dituzten segurtasun eta osasun aurrekontuen ziurtagiriak berrikustea eta kontrolatzea. Ziurtagiriak Segurtasun Eta Osasun Planeko aurrekontuan agertzen diren partiden neurketak aintzat hartuta idatziko dira. Aukera honek aurretiko txosten bat eskatuko du zeinetan Segurtasun eta Osasun Azterketaren aurrekontuan topa daitezkeen hutsegite edota aurreikuspen ezak azalduko diren.